Ohiko SEO-a eta SEO semantikoa
Keywords hitzak lantzetik, edukia testuinguruaren arabera idaztera
SEOaren hasieran, gure web orria kokatzeko erabili nahi genituen keyword-ak edo gako-hitzak lantzen ziren nagusiki. Googleren motorrak gure orrietan zeuden hitzak irakurtzen zituen, haien aurkibideetan hitz horiek edo haiekin zerikusia zutenak bilatzen zituen, eta emaitzak bere algoritmoaren arabera erakusten zituen. Hau da, Googlek ez zuen ulertzen zer bilatzen zuen, hitz gakoei buruzko informazioa erakusten zuen soilik.
Googlek bere bilaketa-algoritmoaren aldaketa baten berri eman zuen
Aldaketa ondo azaltzeko, lehenik historia pixka bat, pixka bat besterik ez lasai 😀
2013ko Irailaren 26an, Googlek bere Hummingbird algoritmo berriaren berri eman zion munduari, eta horrek suposatzen zuen aldaketa handia, emaitzetan azkarragoa eta zehatzagoa izateaz gain, orain, keyword-ekin lan egin beharrean bilaketa semantikoetara gehiago bideratzen bait zen. Algoritmo berriari Hummingbird izena eman zioten, kolibria, beraien uztez algoritmoa hegazti horren bezain azkarra eta zehatza bait zen.
Hala ere Hummingbird-en eragina hasiera batean nahiko eskasa izan zen, izan ere, hasieran, Googlek informatzen zituen aldaketak egin arren, rankingetan aldaketak oso txikiak ziren. Baina hori ere aldatuz joan zen, batez ere erabiltzaileek ahots bilaketak erabiltzen hasi zirenean. Adibidez, ‘Donostia jatetxe merkea’ bilatu beharrean, jendea ‘Donostian ondo jaten den baina merkea den jatetxe bat, non dago?’ moduko galderak egiten hasi zen bere bilatzaileari. Erabiltzaileak berehala konturatu ziren Hummingbird, beraientzat Google besterik ez zena, egiten zituzten galderak ‘ulertzeko’ gai izateaz gain, bere galderei erantzun egokiak ematen zizkiela. Amit Singhalek (algoritmoaren arduradun nagusia) adierazi zuen bezala, Google iada ez zen soilik bilaketa-motor bat, baizik eta erantzun-motor bat.
Googlek ez zuen gako-hitzak elkartzera mugatu behar, baizik eta testuingurua eta erabiltzailearen asmoa ulertu behar zituen, egiten zuen galderari erantzun zehatza eman ahal izateko.
Ikus dezagun beste adibide bat, orrialde batean «Apple» hitza aipatzen bada, lehen, motor bilatzaileak zalantzan egon zitekeen, hitz hori ingelesezko ‘apple’ sagar hitzari edo marka-teknologikoari zegokion galdetuz. Orain, eduki semantikoaren arabera, inguruan duen eduki guztia kontuan izanda, bata edo bestea den ulertzen du. Beraz, erabiltzaile batek Apple ordenagailuei buruz galdetzen badu, badaki zein orri erakutsi behar dion eta zein ez.
SEO semantikoa erabiliz
SEO tradizionalean ahalik eta keywords gehien sartzen saiatzen zinen zure edukian, baina SEO semantikoan zure edukia erabiltzaileek galderak egiten dituzten moduaren arabera eta Googlek kontsulta horiek interpretatzeko duen moduaren arabera editatu behar duzu.
Zure helburua Google-k zure orrialdeak erabiltzailearen galderari behar bezala erantzuten diola ikustea da.
Adibidez, ortopedia-denda bat baduzu eta gurpil-aulkiak saltzen badituzu, ez da nahikoa gurpil-aulki marka zehatz bat duzula adieraztea. Pentsa ezazu zure produktuen bila joango den bezero potentzialean eta nola egingo duen bilaketa hori. Eeabiltzaile batek bere bilaketan “pisu handia eta mugikortasun murriztua duen adineko pertsona batentzako gurpil-aulkia” bilatzen badu, ez da nahikoa zuk zure orrian gurpil-aulkien zerrenda bat izatea, hauek merkatuko onenak izan arren. Google-ek erabiltzaile horri zure orria erakusteko, algoritmoak nonbait detektatu behar du adinekoentzat eta pisu-handiko pertsonentzat bereziki diseinatutako gurpil-aulki bat duzula.
Bilaketa-motorrak kontsulta bakoitzaren oinarria ulertzen saiatzen dira; beraz, SEO semantikoak ez du erabiltzaileak idazten dituen hitzekin soilik bat egin behar, baizik eta edukiak benetan bilatzen ari denarekin erlazionatu behar du. Eta honekin ez dugu esaten gako-hitzak ahazteko, guztiz kontrakoa, ez utzi erabiltzeari, baina egizu buruarekin. Zentzuz erabili, eta saiatu sinonimoak ere erabiltzen.
SEO Semantikoa artikulu berrietan eta zaharretan
Edukia SEO semantikoa kontuan hartuta idazteaz ari garenean, artikulu zaharrak eguneratzeaz ere ari gara. Berrikusi edukia eta saiatu berriro osatzen testuingurua eguneratuz: berrikusi hitz-gakoak, aldatu informazio zaharkitua, gehitu informazio berria… Googleren algoritmoa zure webgunera berriro sartzen denean eta mugimendu horiek ikusten dituenean, zure webgunea ‘bizirik’ dagoela ulertuko du, gaur egungo informazioa duela, bere sektorean aditua dela eta gaur egungo bilaketa-asmoari erantzuten diola.
Laburbilduz
SEO semantikoak webguneen edukia optimizatzeko moduaren aldaketa dakar. Orain, galderak egiterakoan erabiltzailearen asmoa ulertzeaz gain, zure edukia bilatzaileek ulertzen dutela ziurtatu behar duzu.
Eta web-orriez ari garela, zure webgunearen edukia optimizatzen duzu SEO semantikoaren estrategia batean oinarrituta? Hala ez bada, hasi testuak berrikusten, eta pentsatu nola hobetu. Eta laguntza behar baduzu edo astirik ez baduzu guzti hau egiteko, jar zaitez gurekin harremanetan. SEOn espezializatutako gure teknikari-taldeak zure webgunea berrikusiko du, eta zure posizionamendu egokirako guztia prestatzeko eman beharreko pausoak azalduko dizkizu.
Honi guztiari buruz gehiago jakin nahi baduzu eta nola ari den IA SEOa eboluzionatzen, gure blog-eko honako artikulua ere irakur dezakezu: IA iritsi da eta SEOa GEOra eboluzionatzen ari da.
