|

Zer da domeinu bat? Zer da hosting edo web alokairua?

Behin baino gehiagotan, bezero batek web-orrietako aurrekontuetan sartzen ditugun aukeretako batzuei buruz galdetu digu: zerbitzaria, domeinua, ostatua… Nahiz eta «domeinu» hitza «ostatu» hitzarena baino ezagunagoa izan, biek hainbat galdera sortzen dituzte: zer da zehazki domeinu bat? domeinuak epe mugatu baterako erosten dira? Zer da hosting bat? web bat izateko hosting bat ere izan behar da?

Artikulu honetan galdera guzti hoiek erantzuten saiatuko gara:

Zer da domeinu bat?

Domeinuak web-orriak erabiltzen dituzten izenak edo identifikatzaileak dira, hau da, gure web orria aurkitzeko/irekitzeko web-helbidea. Domeinua hainbat zatitan bana daiteke:

Domeinu baten zatiak
  • Protokoloa: honek ahalbidetzen digu informazioa eskatzea, gure kasuan, web orriko informazioa. Eskaera horrek ahalik eta seguruena izan behar du, beraz, hemen, https segurtasun-protokoloa erabiltzen da.
  • Azpidomeinua: domeinuaren izenaren aurrean dagoena, ohikoena www izatea da, baina norberak nahi edo behar dituenak konfigura daitezke (normalean, webaren edukia atal desberdinetan zatitu nahi denean aldatu ohi da).
  • Domeinuaren izena: zure web orria erakusteko aukeratzen duzun izena da. Bakarra izan behar du, zure enpresarekin lotzen den zerbait, eta, ahal dela, erraz gogoratu eta idazteko modukoa. Eta kontuan izan domeinu bat erosten/erregistratzen duzunean denbora-tarte jakin baterako egiten duzula (urte bat, bi, hiru…), hau da, ez zarela ari betiko erosten. Hori bai, erosketa-aldia amaitutakoan, berriro erregistratu ahal izango duzu. (Hala egiten ez baduzu, baliteke norbaitek erostea, eta zu domeinu gabe gelditu eta web orria url edo helbidez aldatu beharra izatea. Beraz adi datekin!).
  • Luzapena: domeinuaren azken zatia da, hau da, puntuaren atzean ditugun letrak. Luzapen ugari daude, hala nola: .com, .eus, .es, .org eta baita espezifikoagoak ere: .bike, .shop eta abar. Luzapena hautatzean, zure web orriaren beharrak hartu beharko dira kontuan.

Eta orain hurrengo galdera:

Zer da hosting edo web alokairu bat? beharrezkoa da?

Hosting edo web alokairu bat kontratatzen duzunean, zerbitzarian zure web orria (osatzen duten fitxategi eta datu-base guztiak) uzteko/ostatzeko gune bat kontratatzen duzu. Horrela, Interneten web orri bat irekitzen duzunean, web hosting horretara konektatzen zara. Logikoa den bezala, web orri bat ireki ahal izateko, lehenik nonbaiten egon behar da, kasu honetan, zerbitzari batetan dagoen hosting-ean.

Beraz gure hasierako galderari erantzunez, bai, web orri bat ikusi ahal izateko, derrigorrezkoa da bai domeinu bat eta baita hosting bat izatea.

Oraindik gai honi buruz zalanzarik izan ezkero edo web, domeinu eta hosting-ei buruz gehiago informatu nahi izan ezkero lasai jarri kontaktuan gurekin. Gure teknikariak zure galdera guztiak erantzuten saiatuko dira.